Gela ez da oso haundia, baina bai hotza eta aseptikoa. Sabaia altu samarra, han goitik zintzilika bonbila txiki bat, piztuta dagoenean botatzen duen argi horiskak adierazten digu paretak grisak direla, zoluko baldosak ere. Bi leihatila burdinhesitatik argi izpi bat sartzen da, bazterreko baldosak argituz, iluntasun pitin bat aldendu nahiean. Gelako ostilamendua txit eskasa da, zurezko aulki bi eta mahai haundi bat, burdinezko hankez eta formika xafla batez jantzirik, besaulkia paretaren kontra; eta azkenik, erregearen erretratuak eta gurutzeak apaintzen dute egonlekuaren soiltasuna. Ate metalikoari erantsitako burdinezko krisket haundi batek hersten du gela hau, eta hortik kanpo bi aldetan ate berdinez betetako korridore luzea hasten da. Beste gela horietatik irten litezkeen hotsak ez dira entzuten, beharbada paretak aski zabalak direlako.
Eguneroko moduan, ohiturari jarraituz, doktorea heltzen denerako jagole teknikoek gaixo eta beldurti itxurako gaztea ekarri eta esererazten dute aulki berezian. Hemendik aurrerakoa espeziala da, dena. Beso eta zankoak sokaz lotzeko modua, jagole teknikoen jantzia eta doktorearen uniformea ere txuria izatea, bularrean jotzeko eta zangoak astintzeko erabiltzen duten eskuoihal bustia ere txuria izatea, dena espeziala. Gaixo eta beldurti itxurako gazteak ez du jaterik nahi izaten ahotik derrigorrez sartzen dioten ahi more hori, eta orduan, jagole zaharrenak, gau guztiz loak hartu gabe eta goizaldean gure amak izaten duen aurpegi berbera daukan horrek, egurtzen du gogotik, ta astindu. Berehalaxe beste jagoleak ahoa tapatzen dio zapi txuri batez karraisika has ez dadin. Gaztea, koleratsu, bihurtzen, higitzen da, bortizki, baina alferrik noski. Eta horrelaxe hamabost bat minutu, tirabiraka, noizean behin zartatekoa, eta gaztea makaltzen da, baretzen zaizu, sosegatzen pixkanaka. Jagoleek gogor heltzen dute guztiz lasaitu arte. Azkenerako, neskazaharraren katua bapo beteta siesta orduko itzartzen den bezain mantso geratzen da.
Ailegatzen denean doktore nagusiak ez dakar gaixo eta beldurti itxurako gaztearen zauriak sendatzeko balioko lukeen ezer, magnetofoia da dakerrena eta jagoleek baiezkoa egiten diotenean burua makurtuz, martxan jartzen du zinta berehalaxe. Doktorea geldirik dago, mahai ondoan zutik, eta serio. Ile beltz eta kizkur, bizar apaindua, eskuak atzekaldean, zutik eta serio. Haren begirada gelaren hondoan galtzen da. Ez du inora begiratzen, konkretuki, edo bestela esanda, zertan ari ote den jakitea oso zaila da. Bere aurpegiak ez du ezer adierazten, pertsona serioa dela, besterik ez, eta haserre samar dagoela, akaso.
Ez duela nahi deusik entzun adierazi nahiean, gazteak keinu arraro bat egiten dionean, orduan bai, orduan doktorearen aurpegia pixka bat zimurtzen da, senti dezakeen gorroto eta mesprezu guztitik pittin bat erakutsiz. Hala ere, magnetofoian dabilen bere abotsa mundu zatar eta triste honetan inoiz izan den pertsonarik maitagarriarena dirudi.
Pertsona maitagarriaren abotsa, eta konturik politenetakoa magnetofoian. Abots eztitsua ipuin eder bat hasten da kontatzen, izugarri polita. Oi, ze gauza xarmantak esaten dituen! Jagoleak badakitenez ipuin hori zertaz den, irribarrez ari da elkarri begira. Horra hor zer egin dezakeen gauza bat askotan entzuteak!
Baina agian ipuin luzeak ezin daitezke beti egiazkoak izan. Dena ezin egia izan, alegia. Ipuin luzeak sinesgaitz bihurtzen dira, eta hori gauza penagarria baita. Penagarria tristea delako. Eta azkenerako gezur galantak bilakatzen dira. Apika horregatik ote da gazteari ez zaiola gehiegi gustatzen hitzaldi eder hori! Eta beraz horregatik garrasiak eta mutur itxusi hori berriro ere jo egiten diotenean. Kontu polit bat errefusatzen du, ez du nahi ezer entzun, eta kortesiak eskatzen duen lez hori ezin daiteke inola ere egin. Berriz ere oihuka berrasten da, hankaz gora lurrera erori orduko patatazakua bailitz. Eskerrak gelatik at ezin dela ezertxo ere aditu, are gutxiago somatu. Kanpotik inoiz ez da ezer aditzen. Kanpotik gauzek beti beste itxura daukate. Eskerrak ateak metalezkoak direla. Ez da ezer nabaritzen. Ez da ezer gertatzen.
Baina barruan doktorea guztiz haserraturik dabil. Gelatik gora eta behera zerbait esaten die jagoleei eskuak altxatuz. Gazteari hurbiltzen zaio begirada gogorra botatzen dion bitartean; eta berehala urruntzen da arrai ustel piloa usaindu balu bezain agudo. Batbatean mahaiko magnetofoia gelditzen du oso hiraturik.
— "Eraman ezazue, mesedez", esaten die orroka, jagole baten begiei tinko so eginez.
— "Bai, betikoa egin, bai".
Ia edozeinek esan lezake doktorearen abotsa eta magnetofoiarena guztiz ezberdinak ta zer ikusirik ez duten pertsonenak direla.
No hay comentarios:
Publicar un comentario